EUSKAL HERRIAREN ALDEKO MANIFESTUA
Honakoa Euskal Herriko herritar orori zuzendutako manifestua da, egun Iruñean gose greban ari garenok ekarpen gisa zabaltzen duguna:
Gure ekimenak helburu nagusi bat izan du sorreratik: bai espainiar bai frantziar estatuen jarrera ez demokratikoa salatzea. Izan ere, euskal herritarrok nazioarteko giza eskubideen kartan onartutako eskubide zibil eta politikoak urratuak ditugu bi estatuen eskutik.
Azken urteotako errepasoak argi erakusten digu hori: Euskal Herriaren ukapenetik abiatutako erreforma espainiarrak –eta Estatu frantziarraren jarrera jakobinistak- eskubideen etengabeko urraketa dakar, egunetik egunera larriagoa.
Eskubideen urraketa alorrez alor ematen da, euskara, kultura, irakaskuntza eta ekonomia mailan hainbat neurri erasokor eta gatazka sortzaile ezagutzen ari garelarik.
Estrategia honen ondorioz, besteak beste libreki antolatzeko eskubidea etengabe kolpatua gertatzen ari da; azken adibideak Segi eta Askatasunaren inguruan eman dira.
Aipatu ditugun eraso hauek guztiak ez dira modu isolatuan ulertu behar, euskal herritar orori egiten zaizkigun eraso gisa ulertzen ditugu eta horretan dira larriak.
Beraz, manifestu honen sinatzaileok ez gara erakunde bat edo besteren babesean ari soilik. Egunerokoan pairatzen ditugun eskubideen urraketari aurre eginez, Euskal Herrian oinarrizko eskubide demokratikoak eraikitzeko aldarrikapena da gurea.
Libreki antolatzeko eskubidea, euskaraz bizitzekoa, hezkuntza propioa garatzekoa, gure bitarteko ekonomikoak kudeatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, Euskal Herria hitza eta erabakiaren jabe izatea.
Honetara dator euskal herritar orori luzatzen diogun deialdia. Norberak bere arlotik eta zereginetik bere egin ezan Euskal Herrian oinarrizko eskubide demokratikoak eraikitzeko ardura.
Euskal Herriak bizi behar duelako hartu dugu konpromezua, etorkizuneko Europan herri libre gisa ordezkaturik. Eta hori, euskal herritar ororentzat eskubide guztiak Euskal Herria osoan errespetatuko dituen eszenatokia antolatzetik lortuko dugu.
Manifestuarekin bat egiten baduzu, bere edukia herrian, auzoan, lantokian edo ikastetxean zabal dezazun eskatzen dizugu.
Iruñea, 2002ko otsailaren 14, GOSE GREBALARIAK
Aupa
Idatzi honen bitartez jakinarazi nahi dizuegu, prentsan argitaratu zen bezela, gazte talde batek Gose Greba mugagabe bati hasiera eman zioten, otsailaren 2an, oraindikan burutzen ari dena. Gose Greba egitera bultzatu dien arrazoia da, azkenengo urteetan Estatu frantziar eta espainarren partetik, Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematikoa salatzea eta, eskubide minimo hauen errespetua bermatuko duen eszenatoki demokratiko bat aldarrikatzea.
Horretarako, eta euskal gizarte osoari dagokiola eszenatoki berri horren alde lan egitea uste dugulako, Gose Grebalariek gehi ekimen honetan parte hartzen ari diren beste talde batzuk manifestu bat burutu dugu, gizarteko sektore guztietan, herri mugimendua, giza eragileak, eta herritarrok orokorrean, ahalik eta atxekimendu gehien lortzeko asmoarekin, eta gizartean eszenatoki berri horren beharra zabaltzeko asmoarekin.
Horregatik, zuen gana zuzentzen gara, manifestu horren edukinaren berri emateko, eta edukinarekin ados egotekotan, zuen atxekimendua (herri mugimendu, giza eragile edota pertsonal mailan) eskatzen dizuegu eta, bere edukia ahalik eta gehien zabal dezazuen.
Zure atxekimendua adierazteko:
Iruñean,2002ko otsaiaren 19an, GOSE GREBALARIAK.